
Giro paregabea izan dute pasa den igandeko azoka berezietan
Gizarteaðð Azoka bereziak izan ziren bi herrietan igandean; eguraldi onak lagunduta jende asko ibili zen bietan.
Rebeka CALVO
Ibarran Ibarra, azoka eta piparra eta Asteasun urteroko Azoka Berezia izan ziren pasa den igandean. Bietan jende asko bildu zen eguraldi bikaina lagundurik eta bi azoken antolatzaileek balorazio ona egiten zuten atzokoan.
Josune Bengoetxeak, Ibarrako Azoka Bereziaren antolatzaile den Hauspoa elkartearen izenean, balorazio ona egin zuen. «Jende asko gerturatu zen eta giro oso polita egon zen herrian. Baserritarrak ere oso gustura geratu ziren, etxean dutena ateratzeko eta erakusteko aukera izan zuten eta horrek jendeari gauza asko ikasteko bidea ere eman zuen», argitu zuen Bengoetxeak. Datozen egunetan, hala ere, elkarteko kideak bildu eta balorazio osatuagoa egingo dute.
Herriko baserritarren ganadu zein barazki eta bestelako jakiak ikustearekin batera, artisauen postuak eta herrian urtean egindako ekintza desberdinetako argazkiak ere ikusi ahal izan ziren Ibarran. Hau guztiarekin batera, gainera, lehiaketak ere izan ziren. Batetik IV. Euskal Herriko Piparraren Lehiaketa Gastronomikoa eta Ezti-Txapelketa, bestetik.
Hauspoako kidearen hitzetan, Piparraren Lehiaketan zazpi herrialdeetako partaideak bildu ziren, gainera, «eta hori guretzako oso garrantzitsua zen, Euskal Herriko Txapelketa baitzen». Hauek izan ziren irabazleak: Piparradan lehenak Donostiako Zubimuxu Elkarteko Xabier Mendizabal eta Jose Juan Ijurko izan ziren, bigarrenak Tolosako Izaro Pikabea eta Jon San Sebastian eta hirugarrenak Behe Nafarroako Mixel Mendi eta Mixel Sein.
Pintxoak egiten, aldiz, Ibarrako Alberto Zubelzu eta Carlos Aretxaga izan ziren onenak, Ondarroako Kantabriko Tabernako Ikerne Etxebarria eta Joantxo Bedialauneta bigarrenak, eta Donostiako Xabier Mendizabal eta Jose Juan Ijurko izan ziren hirugarrenak.
Ezti-Lehiaketan Elduaingo Simon Nazabalek, Belauntzako Ramon Lopetegik eta Amezketako Axinxio Karrerak lortu zituzten lehen hiru postuak. Hiru hauek, gainera, hilabete batzuk barru Zegaman egingo den Gipuzkoako Ezti Lehiaketarako txartela ere lortu zuten.
Aipatu behar da, era berean, herritar talde batek azoka baliatu zuela Udaleko zinegotzi eta Chelo Romeo alkateak orain gutxi herriko preso politiko eta iheslarien familiei zuzendutako diru laguntza kentzeko hartutako erabakia salatzeko.
Asteasun ere oso pozik
Asteasuko Azoka Bereziaren antolatzaile lanetan aritu den Ainhoa Etxabe ere «oso pozik» agertu zen azokaren hurrengo egunean. «Oso balorazio ona egiten dugu eta oso kontentu gaude, alde batetik, eguraldi bikaina izan genuen, eta, bestetik, jendearen erantzuna izugarria izan zen. Jende asko gerturatu zen, ekitaldi guztiak oso ondo atera ziren, baita lehiaketak ere... », esan zuen. Izan ere, Asteasun ere lehiaketak izan ziren. Horiek horrela, Postu Hoberenari sarian, Elikagaien sailean, Asteasuko Errizu Baserriak irabazi zuen eta Artisauen sailean koloretako beirarekin lan egiten duen herriko bertako Kiara izan zen hoberena.
Ardi txakurren lehiaketan, berriz, bost artzai izan ziren (Bi gipuzkoar, Bizkaiako beste bi eta Nafarroako bakarra). Bizkaitarretako batek irabazi zuen, azkenean. Esne-behien erakusketa-lehiaketan bost maila desberdin sailkatu ziren eta lau sailetan Ondartzabitarte baserria atera zen garaile eta batean Bulano. Biak ala biak Asteasukoak.
Irabazle gehienak, hortaz, Asteasuko bertakoak izan ziren, «oso pozgarria» dena Ainhoa Etxaberen ustez: «Ganaduan parte hartu zuten guztiak herrikoak bertakoak izan ziren, baina besteetan lehiaketak irekiak ziren eta, hala ere, herriko askok irabazi zu- ten. Oso pozgarria da gure- tzat, maila ona dugula erakutsi dute».
Etxabek, era berean, herrira gerturatutako ikusle zein parte-hartzaile guztiei eskerrak eman nahi izan zizkien.
Deialdiak
Txuleta Festarako erreserbak
TOLOSA, - 2008-11-01
Ikastaroak
Lorezaintzako proiektuak diseinatu, egin eta aurkeztea
ZIZURKIL, - 2008-10-01
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.