
2007-06-29 | 11:23:05
Literatura
Bernardo Atxagak zilarrezko Euskadi saria jasoko du gaur Donostiako Liburu Azokan
42 erakusmahai eta 50 erakusle izango dira Donostiako Gipuzkoa plazan gaurtik uztailaren 8ra
Bernardo Atxaga eta Mila Beldarrain idazleek Zilarrezko Euskadi saria jasoko dute gaur 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan egingo den ekitaldian. Idazle asteasuarraren ’Markak’ liburua eta Beldarrain donostiarraren ’Domenja de Oņate’ lanak dira sarituko direnak, aurtengo Liburuaren Nazioarteko Egunean euskaraz eta gaztelaniaz ale gehien saldu zituzten liburuak izateagatik. Donostiako Liburu eta Disko Azokaren 32. aldia da aurtengoa, eta hamar egunez, gaur hasi eta uztailaren 8ra arte, Donostiako Gipuzkoa plazatik igarotzen diren guztiek liburuak ikusi, ukitu eta erosteko parada izango dute.
Euskadiko Liburu Azoken Batzordeak antolaturik, 42 erakusmahai eta 50 erakusle egongo dira azokan, eta goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 21:00etara izango da zabalik. Larunbat eta jaiegunetan, gainera, ordu erdiz luzatuko da denbora tarte hori. Azokaren helburua «hirian liburua protagonista bihurtzea» da, Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken koordinatzailearen arabera. Hala, «liburuak erosteko ohiturarik ez dutenak kalean liburuarekin topo egin eta ondoren liburutegietako bezero bihurtzea da xedea», dio Muniategik.
Egunero liburu aurkezpenak edota musika eta poesia uztartuz sorturiko ekitaldiak ikusteko aukera izango da. Uztailaren 2an eguerdian, esaterako, Edward Rossetek idatziriko Tierra Quemada lana aurkeztuko dute Udal Liburutegiko sotoan. Uztailaren 4an, berriz, Victor Alexandreren Hitza hormaren kontra. Independentzia ez da pribilegioa lanaren inguruko prentsaurrekoa eta 2007ko Juan Zelaia sariaren deialdia egingo dira, aurreko aurkezpenaren toki eta ordu berean. Uztailaren 5ean, Julen Madariaga, eta Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarin bikotea izango dira protagonista Udal Liburutegian: Madariaga. De las armas a la palabra Antoni Batistaren liburuarekin eta Uribe eta Urdangarinen Portukoplak lanarekin, hain zuzen ere. Uztailaren 6an, 19:30ean Fastfatum & Harkaitz Cano emanaldia izango da.
SINADURAK ERE BAI. Hainbat idazleren liburuak sinaturik eskuratzeko aukera ere izango da. Esaterako, bihar eguerditik 18:30era, besteak beste, Toti Martinez de Lezea Brujas bere liburua sinatzen ariko da Erein argitaletxearen erakusmahaian, eta Jose Luis Urrutia Elkar argitaletxearen txokoan La sombra de Lanzuri liburua irakurleei sinatzen.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.