
2006-10-05 | 13:38:46
Ezbeharra
Arretxe baserria kixkali egin da
Ordu erdian gertatu da dena
11:30a aldera joan dira suhiltzaileak sua itzaltzera: surik ez dago jada, baina baserria kixkalita geratu da.
Asteasuko Arretxe baserrian sutea izan da gaur, 11:30a aldera, eta osotara erre egin da. Erabat kixkalita geratu da. Ertzantzak emandako informazioaren arabera, ez dago kalte pertsonalik. Sua itzalita dago, baina oraindik suhiltzaileak han daude, Upazan auzoan dagoen Arretxe baserrian. Sutearen eraginez ez da zauriturik, ezta animalia kalteturik. Ertzantzak ez daki oraindik zerk eragin duen sua eta ikerketa lanetan ari da ezbeharraren lekuan. Dena dela, baserriaren atzealdetik, biltegitik hasi da sua, eta litekeena da zirkuitolabur baten ondorioz gertatu izatea. Han bonbila bat omen zegoen eta horri egotzi diote momentuz.
Zarautzko, Goierriko eta Tolosako suhiltzaileak gerturatu dira sua itzaltzera. Han geratuko dira egun ia osoan, kontrolpean izateko. Ezin dira etxebizitzara sartu, solairuak erortzeke baitaude, eta ezin dute oraindik barruko txingarra itzali.
Lau bizilagun zeuden sua hasi denean, baina onik atera dira. Horietako bi gurpil-aulkietan zeuden. Ezin izan dute ezer ere etxetik atera. Asteasuko Udalak larrialdietarako kasuetarako duen pisua sendi honentzat izango da. Bizilagunek dena galdu dute. Soinean zutenarekin atera dira, eta ikuiluko txekorrak ateratzeko tenorea izan dute, besterik ez.
Baserriak 400 urte baino gehiago zituen. Hormak zutik daude, baina barruko zutabeak eta teilatua txikituta geratu dira.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Arretxe baserria, kixkalita
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.