
2006-02-08 | 12:37:10
Ezbeharra
Lau turista pozoitu dira gasa arnastuta Asteasuko nekazaritza turismoko etxe batean
Turistak, Espainiatik etorritakoak, Donostiako Ospitalera eraman dituzte
Espainiatik etorritako lau turista Donostiako Ospitalera eraman behar izan dituzte, Asteasuko nekazaritza turismoko etxe batean gasa arnastu eta intoxikatuta. 27 eta 60 urte bitarteko lau gizonezko dira, hiru Badajozkoak (Extremadura) eta laugarrena Burgoskoa (Gaztela). Osasun larrialdiko zerbitzuak iritsi direnean, zorabiatuta zeuden lau turistak, baina korderik ez dute galdu.
Goizeko zazpietan jaso dute SOS Deiak-en Asteasuko etxe batean lau pertsona zorabiatuta zeudela jakinarazi duen abisua; zenbaitzuk arnasa hartzeko zailtasunak zituztela erantsi du deitu duenak.
Segituan suhiltzaileak, Ertzaintza eta anbulantziak heldu dira ezbeharra gertatu den nekazaritza turismoko etxera; ordurako, etxearen nagusiak atea bota eta barruan ondoezik zeuden lau lagunak kanpora atera ditu.
Lau gizonezko dira gasarekin pozoitu direnak, 60, 58, 34 eta 27 urtekoak, hiru Badajozkoak eta laugarrena Burgoskoa. Larrialdi zerbitzuetako iturriek agertu dutenez, zorabiatuta zeuden baina korderik ez dute galdu. Donostiako Ospitalera eraman dituzte anbulantzian.
Oraindik ez dago argi gas isuria zerk eragin duen, baina suhiltzaileek egindako lehen ikerketen arabera, galdarak gasa behar bezala erretzen ez zuelako gertatu ahal izan da istripua.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.